Tradizioz, Ezpeletako etxaldeak esne ardiak eta haragi behiak hazi ohi dituzte. Hazkuntza horietako bat edo bestea egin dezakete, baina elkar osatuz ere egin ditzakete biak.
Zerealgintza nagusia artogintza da, gehienetan, polilaborantza-hazkuntza sistema bidez.
Aberezaintza, hala ardi nola behi edota zaldiena, zelaien mantentzeko on da, bai eta mendian kabalen bazka egiteko ere; aberezain batzuek udako transhumantzia egiten dute.
Aberezain batzuek ekoizpen gordina landu eta kontsumitzaileei zuzenean, gasnak, axuriak eta txahalak kutxatxoetan saltzen dizkiete.
Orain dela zenbait urte, esne behiak ere etxalde gehienetan ziren. Egun, anitzez guttiago dira, esnearen ekoizpenari lotu ekonomia arras zaildu baita.
Herrian, baratze etxaldeak eta ahate gizenen etxaldeak daude ere.
Azken urteotan eta bereziki, 2000. urtean, Ezpeletako biperra sormarka onartua izan zenetik, biperra, tradizionalki xeheka landua zena, erruz garatu da eta orain, herriko etxalde gehien-gehienetan egiten dute. Laborari zenbait horretan bakarrik ari dira, biperraren ateratzen, eraldatzen eta saltzen. Gainerakoentzat, biperraren laborantza osagarri da eta herriaren laborantza sostengatzen laguntzen du, bai eta turismoa eta merkataritza ere, Ezpeleta espezia horri esker arras ezagun izatera heldu baita.