Betizuak

Ezpeletako, Itsasuko eta Ainhoako betizuak

Hiru herriak hainbatetan bildu dira elkarrekin, Mondarraingo mendigunean eta Ainhoan diren betizuen etorkizunaz mintzatzeko.

Betizu

Betizu

2015eko maiatzaren 23, 24 eta 30ean, espainolek betizuak harrapa eta ukuiluratu zituzten, herriko etxalde batean. Pertsonen Babeserako Departamendu Zuzendaritzari (DDPP, lehengo DSV zena) jakinarazi zitzaion. Prefetak bi agindu eman zituen, abereei zenbait lagin har zekizkien, Espainiarako egin zuten bidearen nondik norakoa jakin bitartean.
DDPPk bi bilkura antolatu zituen Ezpeletako herriko etxean, ukituak ziren herrien ordezkariekin, ezagun ziren betizuen hazleekin eta ezagun ez ziren betizuen «eskudun» zirela ziotenekin. DDPPk azaldu zuen basa abereak aztertu behar direla, Ainhoa, Senpere eta Zuraide herrietan tuberkulosi fokoak izan baitira. DDPPk erran zuen ezin direla abereak profilaxia egin gabe atxiki. Erran zuen ere hainbat aldiz galdetu ziela herriei horren gainean, 2006. urteaz geroztik, baina ez zela erabakirik hartu. Inork ez baitu basa betizuen jabe dela erran, behi guztiak hil ordez, elkarte bat sortzea proposatu zen. Hemendik urte hondarra bitartean sortuko da elkartea eta hiru herrien bina ordezkari bederen, ezagun diren betizu jabeak eta interesa duen oro izanen dira elkartekide. Elkartearen xedea profilaxia egitea eta kopurua kudeatzea izanen da, aske dabiltzan abereen kopurua kontrolatuz, mendia erabiltzen dutenentzat arriskurik sor ez dezaten. Harremanetan gara DDPP-rekin EHLGrekin (Euskal Herriko Laborantza Ganbara), GDS 64rekin (Abereen Osasun Zaintzarako Taldea) eta Lanborantza Ganbarako Identifikatze Zerbitzuarekin. Erakunde horien laguntzaz eta betizuen elkartearen kide ororen asmo onarekin, egun Frantzian ezagutua ez den arraza hau atxikitzeko bidea emanen digun antolaketa plantan eman nahi genuke, osasun eta segurtasun baldintza onenetan.