Arkitekturazko ondarea
Lapurtar etxeak
Ezpeletako karriketan ibiliz, Lapurdiko ohiko etxeak ikus ditzakegu; sasoia denean, haietako batzuk piper sokaz estalirik daude.
Karrika nagusiko etxe batek harrizko plaka bat du, panda batez apaindurik. Armand David-en sortetxea da.
Baroien gaztelua
Ezpeletako baroien gaztelua herriaren gainean da. Ezpeletako baroiak, Nafarroako familia noble bateko kide ziren eta gaztelua 1000. urtearen inguruan eraikiarazi zuten. 1694. urtean, haien azken ondokoak, Juliana Henriquez baroisak, haurrik ez baitzuen, gaztelua herritarrei eman zien. Monumentu hori historiako monumentuen zerrendan da, 1993. urteaz geroztik. Gero, arkeologia ikerketek Erdi Aroko gotorleku baten aztarnak azaldu dituzte; poligono irregularra osatzen duen harresi handi bat zen gotorleku hura, bost dorreekin.
Gaztelua 1998an berritu zuten, jatorrizko irekidurak berriz emateko. Egun, bertan, Herriko Etxea, liburutegia, turismo bulegoa eta erakusketa aretoak daude; erakusketetako bat iraunkorra da, Ezpeletako piperrari buruzkoa.
Jondoni Extebe eliza
Jondoni Extebe eliza eraikitzen 1593an hasi ziren. Historiako monumentuen zerrendan 1953an sartu zuten eta 2015ean sailkatua izan da. Deigarria da, bere gotorleku itxurarengatik eta aterpearen gaineko ezkila dorre gotorrarengatik.
Barnean, egurrezko hiru galeria estaia ditu, bai eta sailkatuak izan diren gauza anitz ere, bereziki XVII. mendeko zutabe salomonikoak dituen urrezko eliza-oholtza barrokoa, berriki berritua izan dena. Elizaren inguruan dagoen hilerrian, Euskal Herrian ohikoak diren hilarri diskokarak ikus daitezke, bai eta Art Déco estiloko marmol arrosazko zutabeak dituen Agnès Souret-en mausoleoa ere; historiako monumentu gisa sailkatua izan zen, 2006. urtean eta Ezpeletako Herriarena da.
Patrimoine naturel
Mondarrain
Mendi horren gailurra 750 metro gora da, Ezpeletaren gainean. Gailurrean haitz tzar bat du, mendia nabarmen eginez. Mondarrainen magaletan, zotal ikaztegiak ikus daitezke. Hezegune horiek landare bitxi zenbaitentzako leku hautak dira; hartara, bertan ikus daitezke, droserak eta muki-belarrak, landaretxo haragijaleak biak.
Ibilaldietarako apropos den mendi horretan historiaurreko aztarnak (harrespilak) ikus daitezke, eta gailurreko harkaitzetan, erromatarren garaian, gotorgune bat eraiki zuten. Ikusgarri dira ere pottokak, betizuak eta sai arreak. Aberedi-landarediaren babesa segurtatzeko, mendia Natura 2000 sarean sartu dute.
Jende ospetsuak
Ezpeletak eman ditu beren garaia markatu duten zenbait jende.
Armand DAVID (1826 – 1900)
Sinologo eta naturalista, Armand DAVID misiolari zoologo eta botanikaria izan zen eta abereak, landareak, harriak eta fosilak bildu zituen, Txinan, Parisko Natura Historiako Museoarentzat.
David apezak panda handiaren aurkikuntza egin zuen, 1869an, Maipin eskualdean (Tibet). Txinako orein espezie baten salbatzeko aukera eman zuen ere eta haren izena darama espezie horrek: «David apezaren oreina». 70 landare espezie baino gehiagok ere haren izena daramate, bereziki mokanesen zuhaitzak (Davidia Involucreta) eta tximeleten zuhaitzak (Buddleia Davidii).
Maiz arriskutsu ziren espedizioetan, Txina eta Tibeteko probintziak korrituz, egin zuen lan eskergaren ondorioz, David apezak 2919 landare espezimen zerrendatu zituen, 9569 intsektu eta armiarma espezie, 1332 hegazti eta 595 ugaztun; haietan, 60 espezie berri aurkitu zituen (panda handia, David-en oreina, tximu urrekolorea, Tibeteko makakoa…).
Panda hartza, Baoxing hiritik hurbil aurkitu zuen eta hiri horrek haren irudiko estatua batez eta haren aurkikuntza ospatzen duen beste estatua batez omentzen du David apeza.
Agnès SOURET
1902ko urtarrilean sortu zen, Baionan; Ezpeletan bizi zen, amarekin. 2 062 parte hartzaileren artean, Miss France titulua irabazi zuen; garai hartan, lehiaketa hori «Frantziako emazteki ederrenaren» lehiaketa deitzen zuten eta Le Journal egunkariak antolatu zuen, 1920. urtean.
Modelo, dantzari eta antzezlari karrera labur baten ondoren, 26 urterekin hil zen, peritonitis batek jorik, Argentinan bira bat egiten zebilerarik. Herrira ekarri zuten gorpua eta Ezpeletako hilerrian lurperatu. Haren hilarrian, haren amak honako hilartitz hau idaztarazi zuen: «Nire alaba goxo eta politari; arantzerik gabeko arrosatxoa izan baitzen».
Roger ETCHEGARAY
Ezpeletako seme, Uztaritzeko apezgaitegi ttipian ikasi zuen hastapenean eta gero Baionako apezgaitegi handian eta, azkenik, Erroman.
Pariseko apezpiku laguntzaile izan zen, gero Marseillako artzapezpikua, eta gero, Vatikanora deitua izan zen, non Joan Paulo II.ak kardinal izendatu zuen,1979. urtean. Aita Santu horrek, munduan zehar, Vatikanoren diplomaziaburu izateko manua eman zion.
2014ko apirilaren 26an, Manuel Valls lehen ministroak Ohorezko Legioaren Gurutze Handia ezarri zion, Erroman.
Roger Etchegaray kardinala Ezpeleta bere sorterriari fidel izan da beti; halaxe dio, Ezpeletaz mintzo: «Naizena egin nau». «Munduari so» da beti eta liburuak idazten ere ditu, zeren «ez baitira diskurtsoak konta, ezpada lekukotzak».
Kirolariak
Pilotariak
Jean-Baptiste DUHALDE, ezizenez XILAR, esku huskako txapeldun handia,
Jean-Baptiste HARRAMBILLET, Frantziako eta Munduko txapeldun, trinketean eta esku huska, eta Auguste DARRAIDOU izan ziren herriko pilotari hautak.
Errugbilaria
Peio DOSPITAL, ezizenez «Doxpi»: 1950eko maiatzaren 15ean sortua.
Hamaika urterekin, Peio errugbian hasi zen, herrian bertan, eskola talde bat antolatu zuen irakasleari esker. Lehen lizentzia Kanbon sinatu zuen, 1967an.
1968an, Aviron klubean hasi zen, gaxteen taldean, eta hor bihurtu zen «Jokalari hauta». Frantziako talderako 25 aldiz hautatua, bete-betean euskal harroinen tradiziokoa: azkarra, gogorra uztartzean eta umila.
Frantziako XVaren hirugarren denbora zatietako haren animazioek bigarren zaletasunera eraman dute: kantatzera. Elkarrekin eramanen ditu beti errugbia, euskal kirola eta kantua.
Hogei urtez, Aviron taldearen ator txuri-urdina jantzi zuen.
1988an, Ezpeletako trinketea kudeatzen hasi zen eta gero, herriko hiru gazteren eskuetan –zeinetan bat semea zuen- utzi zuen.
2009an, euskal abesbatza bat osatu zuen herrian, 50 gizonezko herritarrekin. Arrakasta handia dute eta Frantzia osoko animaziotarako deituak dira.
Peiok dohain bat du: gauza korapilatsuenak ere erraz bihurtzen baititu.